EU | ES | EN | FR

BERRIAK

Antzezpena: "Euzkadiko Jaurlaritza" sortzea eta Jose Antonio Agirreren zin egitea


Gernika, 2010/09/22





Aurten Agirre lehendakariaren heriotzaren 50. urteurrena gogoratzen delarik, AL50 Batzordeak, harako 1936 hartan Batzar Etxean egin zen Euskadiko lehenengo jaurlaritza sortzearen eta Jose Antonio Agirrek Gernikako Arbolaren pean egin zuen zinaren antzezpen bat egingo da. Antzezpen-ekitaldia 2010eko urriaren 7an egingo da, ostegunarekin, Gernikako Batzar Etxean, 16.30etan.

HEDABIDEEN AURREKO AURKEZPENA
PROBA-SAIO OROKORRA

Datorren ostiral honetan, irailak 24, 15:30etan, Gontzal Mendibil aipatu antzezpenaren zuzendaria eta Ramon Agirre aktore nagusia (Agirre lehendakaria) hedabideekin mintzatuko dira Gernikako Batzar Etxean; ondoren, haiek proba-saio orokorraren irudiak grabatu ahalko dituzte.
Antzezte-zereginetan 60 aktore eta figurantek jardungo dute, urte odoltsu eta latz haietan, Gerra Zibila bete-betean zela, gauzatu zen gertaera historiko haren antzezpenean.

Gobernu-hartzeko hitzaldiek, ekitaldi haien mahaiburutza foru-tankeraz eratzeak, gudarien desfileek eta lehenengo Eusko Jaurlaritzari egindako arma-aurkezteak gogoraraziko dizkigute 1936ko urriko 7 hartan bizi izandako une zirraragarriak.

Garaiko jantzi eta atrrezzo eta guzti (José Mª Tuduri), eta gerra-fronteko irudiak ere proiektatuko dira; ekitaldian, bestalde, Ertzaintzaren Musika Bandak, Gernikako Gaudeamus Koralak, Beti Jai Alaiko dantzariek eta Bilboko Udal Txistulari Bandak ere parte hartuko dute.

Gontzal Mendibilek sortutako antzezpenean, eta beraren zuzendaritzapean, Ramon Agirre aktoreak hezurmamituko du XX. mendean Euskadin eraginik handiena izan duen politikaria.

36ko Eusko Jaurlaritzaren osakideek, ekitaldira etorritako kontsulek, Errepublikaren ordezkari instituzional zenbaitek eta usadio zaharrean eratutako mahaiburutzak emango diote bizia sinbolismoz betetako ekitaldi zirraragarri bati.

Agirre lehendakariaren balioek eta ondareak xedatzen dute beraren heriotzaren 50. urteurrena. Eta ekitaldi honen asmoa, hain zuzen ere, gure lehenengo lehendakariaren figura ohoratzea da, Eusko Jaurlaritza haren legitimotasun demokratikoa eta politikoa errebindikatzea eta belaunaldi hark herri honen askatasunaren eta burujabetzaren alde egindako lana agerraraztea.

Ekitaldia urriaren 7an izango da, 16.30etan, 1936an Euskadiko lehenengo jaurlaritza eratu zen egun eta ordu ber-beretan.

ETBk ekitaldia grabatuko du, eta dokumental gisa emango da zuri-beltzean.


©